Patxi esposatuta daramaten argazki hau ikusi dudanean, ‘Patxi, Olatz, Ainara, maite zaituztet’ idazteko gogoa sentitu dut. Baina ez naiz beraien izenak idaztera ausartu.
Koldar hutsa naizelako. Bloga itxiko didaten beldur naizelako. Beldurtuta bizi garelako. Horixe bera esateagatik, ‘maite zaituztegu’, alkate bat kargugabetuta ikusi dugulako. Alkate bati hori egin badiezaiekete, zer ez ote didate niri egingo, pentsatzera eraman gaituztelako.
Baina ondoren sentimenduak etorri zaizkit: zertarako balio du blog honek bertan ezin badut ‘Patxi, laguna, lagun zaharra, maite haut’ esan? Zein da nire balioa, pertsona bezala, ezin badut ‘Olatz la ostia zara’ esan, ‘une gogor hauetan zure alboan nago’?
Patxi maite haut, badakik baietz, hala dela. Olatz, berdin, gutxi egon gaitun elkarrekin baina… maite haunat. Eta hi Ainara, ez haunat apenas ezagutzen baina seguru ezagutuz gero maiteko hindunala.
Horixe bakarrik, maite zaituztedala.
Eta zuri, irakurle, aitortzen dizut aurreko guztia esanda askoz ere lasaiago sentitzen naizela orain. Berdin didala bloga ixten badute, gauza bat ez dutelako lortuko, nire buruarekin gustura ez sentitzea.
Ondorio pertsonala: Izu-aroan bizi arren, ezin gara etengabe izututa bizi. Gure beldurren gaineko garaipen txiki hauek ere beharrezkoak ditugu, nor garen eta zenbat balio dugun gogoratzeko.
2009/06/23 at 10:02 pm
Sendagarria. Eskerrik asko.
2009/06/23 at 10:22 pm
Ezagutzen ez ditugunok ere maite ditugu, ta zure nirea edo bestren baten ausardi txiki bakoitzak gugana hurbiltzen ditu!
2009/06/24 at 8:47 am
Ni ere koldar hutsa nauk.
Hemen aitortu diat:
http://www.urola-kostakohitza.info/blogak/kalaportu/?blog=10
2009/06/24 at 9:19 am
Ni ere koldar hutsa nauk.
Hemen aitortu diat:
http://www.urola-kostakohitza.info/blogak/kalaportu/ni-ere-koldar-hutsa-naiz?blog=10&title=ni-ere-koldar-hutsa-naiz&disp=single&more=1&c=1&tb=1&pb=1
2009/06/24 at 10:09 am
Eskerrik asko hiruroi eta baita post hau facebook eta zabaldu.com-en zirkulatzen jarri duzuenoi ere. Jende asko ari da gaur blogera sartzen.
Hire posta berriz, gaRi, hunkigarria. Josef-ek dioen moduan sendagarria hori ere.
2009/07/10 at 11:05 am
nik juxtu atxilotu baino egun batzuk lehenago ezagutu nuen Olatz, eta, beste asko bezala, maitatzeko modukoa dela iruditu zitzaidan, inolako zalantzarik gabe. nik ere esan nahi diet maite ditudala